XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta funtzio posibleok, guti gorabehera infinituak direla.

Eta hau beste bat: soziologoak eta edozein zientziak bere gaia osotasunetik ebaki eta apartatu egiten du.

Baina hortan, azterketaren ondorioak determinatzen dituen aukera bat egiten da.

Horren kontra ez dago ezer esaterik, soziologoak berak aukera baten gainean lanean ari dela ahazten ez duen artean behintzat.

Baina aukera hura etengabe kontrolatzera beharturik gelditzen da, objetibidadearen amorez.

Eta, batez ere, azterketa interdiziplinarioaren premia aitortzera.

Esan liteke, gaur gizonaren zientzia guztiak direla soziologikoak: giza jakintzen eta gizarte jakintzen berezpenak gero eta gutiago balio digu.

Halaber, guztiak dira historikoak, eta guztiak dira psikologikoak: nahita ala nahi gabe.

Giza errealidade osoaren sintesi soziologikoa, psikologikoa edo historikoa duten gizonak denok ezagutzen ditugu (oraindik ere sintesirik arruntena erlijiosoak dirudi, halere); agian, denok horixe egiten ohituta gaude: Zeinek zein alde gehiago estimatzen edo ezagutzen duen.

Bidezko da. Baina ia beti inpresio hau gelditzen da: alde batetik gizona eta bestetik gizonaren animalia estudiatzen direla.

Kultura egiten duen gizon hori gauza bat aparte balitz bezala, animalia bat barruan ezkutaturik.

Esate baterako, biologiak animalia hau estudiatuko luke.

Soziologiak eta bestek kultur-gizona, animalia utzita.

Denek esaten dute, bereizkuntza hori faltsoa dela.

Baina bereizkuntza hori gure tradizio guztien eta pentsatzeko olde eta molde guztien barne-barneraino sartua bait dago, benetan zaila da hura superatzea.

Aro Modernuan soziologiak, psikologiak eta etnologiak eragipen handia ukan dute, gizonaren kontzetua moldatzeko: gure gizonaren irudia zientzia haiek eratua da gehienbat.

Eta biologia, ez ote da haintzakotzat hartu behar?.